Abortua Nafarroan

Abortatzeko eskubidea bermatuko duen dekretua aurkeztu du Osasunbideak.

Lagundutako ugalketa eta transexualei eskaini beharreko arreta ere arautu dituzte. Ikusgai paratu dute zirriborroa, herritarrek ekarpenak egin ditzaten.

Iturria: Berria - Ion Orzaiz

Ia bi hamarkada igaro dira Nafarroako emakumeei osasun sistema publikoan abortatzeko eskubidea ukatu zitzaienetik. 1986 eta 1987 artean izan zen hori. Urtebete lehenago, abortuari buruzko lehendabiziko legea indarrean jarri zuen Espainiako Gobernuak, eta haren babespean, hogei bat abortu egin zituzten Nafarroan. Accion Familiar talde ultrakatolikoak, baina, salaketa jarri zuen abortatu zuten emakumeetako baten eta hura artatu zuten ginekologoen aurka. Errugabetzat jo zituzten, baina aurrekari larria ezarri zuen epaiketak, ordutik, ezinezkoa izan baita Nafarroako sare publikoan abortatzea. Urtea bukatu baino lehen, egoerari buelta eman nahi dio Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, eta, horretarako, Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Foru Dekretuaren zirriborroa aurkeztu zuen atzo.

Erakundeek, elkarteek nahiz norbanakoek testuari zuzenketak eta iradokizunak aurkezteko epea zabaldu dute orain —azaroaren 28ra arte—, baina horren ostean, eta ekarpen guztiak aztertuta, behin betiko dekretua argitaratuko du Nafarroako Gobernuak. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak sinatutako akordio programatikoaren puntuetako bat da abortatzeko eskubidea sistema publikoan bermatzea.

Atzo aurkeztutako zirriborroak, baina, abortuaz gaindiko gaiak ere ukitzen ditu: besteak beste, ugalketa lagundua bermatuko diete sexu bereko bikoteei eta bikotekiderik gabeko emakumeei; sexu heziketaren eta arretaren esparrua hobetze aldera, Ugaltze eta Sexu Osasun Zentroen sarea sortuko dute —Emakumeen Arretarako Zentroak ziren orain arte—; eta transexualen eskubideak bermatzeko neurriak hartuko dituzte, «arreta integrala» eskainita.


 

AHOLKULARITZA ZERBITZUA

Nafarroako talde feministen aspaldiko aldarrikapena da Emakumeen Arretarako Zentroen filosofia aldatzea, eta, dirudienez, norabide horretan doaz Osasunbideak proposatutako aldaketak. Izan ere, garai batean sexu heziketarako eta familia planifikaziorako zentro zirenak (COFES) kamustu egin zituen UPNren gobernuak, emakumeen arretarako gune bihurtuta. Erabaki horren ondorioz, haurdunaldiaren ardura guztia emakumeen bizkar uzten zela salatu izan dute abortatzeko eskubidearen aldeko taldeek behin baino gehiagotan.

Azken urteetan falta izan den ikuspegi «integral» hori aplikatu nahi du Osasun Departamentuak dekretu berriarekin. Hala, Emakumeen Arretarako Zentroei izen berria emanen die: Ugaltze eta Sexu Osasun Zentroak. Izenaz gainera, ordea, izana ere berrituko dute, andreentzat ez ezik, sexu guztientzat zabalik izanen baitira.

Osasunbidearen arabera, honako zerbitzuak eskainiko dira zentro horietan: sexu aholkularitza eta heziketa, familia planifikazioa, haurdunaldiari eta erditzeari lotutako arreta, artatze ginekologikoa, minbizi ginekologikoen detekzio goiztiarra, gazteentzako programak, arrisku taldeentzako —eta bereziki prostitutentzako— lan plangintzak, abortu farmakologikoa, eta lagundutako ugaltzeari lotutako diagnostikoa eta tratamendua.

Fernando Dominguez Osasun kontseilariak bi puntutan laburbildu du zentroon xedea: sexu heziketa eta osasun sexualaren sustapena. «Hori da abortuak, eritasunak eta abusuak saihesteko modu eraginkorrena».


 

HAURDUNALDIAREN ETETEA

Foru dekretua indarrean jartzen den unetik beretik, Iruñeko bi zentrotan eskainiko dute abortu farmakologikoa: Iturraman eta Txantrean. Urtebeteko epean, ordea, Nafarroako Ugaltze eta Sexu Osasun Zentroen sare osora hedatu nahi dute eskaintza, era progresiboan.

Bestalde, haurdunaren nahiz fetuaren osasun arrazoiak direla medio, abortuak ebakuntza bidez egin behar badira, Nafarroako ospitaleen sare publikoan eginen dira. Foru dekretua indarrean jartzen den egunetik beretik egin ahal izanen dira abortu kirurgiko horiek.


 

KONTZIENTZIA ERAGOZPENA

Orain arte, Nafarroako mediku guztien ustezko kontzientzia eragozpena izan da UPNk jarritako aitzakia, abortatzeko eskubidea urratzen segitzeko. Osasun Departamentuaren zirriborroan aintzat hartzen da kontzientzia eragozpena, baina Dominguez kontseilariak argi utzi du horrek ezin duela «inolaz ere» emakumeen eskubidea azpiratu. Hortaz, kontzientzia eragozleen zerrendan izena eman beharko dute aborturik egin nahi ez duten medikuek, eta, hori kontuan izanda, egin beharreko aldaketak eginen ditu Osasunbideak.

Kontzientzia eragozleen zerrenda UPNren gobernuak ezarri zuen, 16/2010 foru aginduaren bitartez. Indarrean egon den bost urteotan, hiru medikuk soilik eman dute izena.


 

UGALKETA LAGUNDUA

Laguntza bidezko ugalketaren esparruan ere aldaketak ezartzen ditu foru dekretuak. Orain arteko zerbitzuak bermatzeaz gainera, horiek guztiak sexu bereko bikoteei eta bikotekiderik gabeko emakumeei ere zabalduko zaizkie.

Deigarria da, batez ere, intseminazio artifizialari eskainitako puntua. Orain arte, gizonezko bikotekiderik ez zuten emakumeek medikuaren agiri bat behar zuten tratamendua jasotzeko. Hemendik aurrera, ordea, aukera izanen dute xiringa bidez intseminatzeko, aurretik medikuaren oniritzia jaso behar izan gabe.


 

TRANSEXUALEN ESKUBIDEAK

Nafarroako Legebiltzarrak duela sei urte onartutako 12/2009 Foru Legea benetan aplikatzeko aukera ere bada Osasunbidearen dekretu berria. Genero identitatean oinarria duen bazterketa oro debekatzen du lege horrek, eta bereziki, pertsona transexualen eskubideak aitortzen ditu esplizituki. Eskubide horiek bermatze aldera, «beharrezkoak diren baliabide eta tratamendu guztiak» eskainiko dizkie Osasun Departamentuak transexualei, sistema publikoaren barruan.

Atzo aurkeztutako zirriborroan zehazten denez, «arreta integrala» eskaini nahi diete transexualei, eta horretarako, bi multzotan sailkatu dituzte bermatu beharreko zerbitzuak: batetik, diagnostikoari eta tratamendu medikoari dagozkionak; eta bestetik, arreta psikologikoarekin lotura dutenak. Lehen multzoan daude, besteak beste, hormona bidezko terapiak, bularreko edo enborreko kirurgia plastikoa, eta sexua aldatzeko ebakuntza genitalak. Bigarren mailan, berriz, arreta psikologikoa, psikoterapeutikoa eta sexologikoa.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA