Ikusezin nahi dituztenen oihuak

Aranjuezeko espetxeko amen moduluko eskubide urraketak

Artikulu hau Urriko Emaraunean aurkituko duzu

Aranjuezeko amen moduluko ziegetatik salaketa dei ozenak datoz. Duela pare bat urte egoera okertzen hasi zen espetxeko zuzendariaren aldaketarekin eta umeen egoeraz kezkatuta haien senideei laguntza eskatu zieten garaian preso zeuden lau emakume preso politikoek. Azken urtean borroka hau bi presoren eta haien senide eta lagunena izan bada ere, momentu honetan ez da bietako inor geratzen modulu horretan. Anabel Prieto Furundarenaren umeak Irailean hiru urte bete zituen (espetxean amarekin egoteko adin topea) eta Sara Majarenas Ibarreta Picassentera mugitu zuten haurrarekin batera. Hala ere, modulu hauek ez dira hutsik geratzen, preso sozial gehiago baitaude, eta noski, beraien umeek ere pairatzen dituzte bidegabezko egoera hauek.

Txosten hau osatzeko, psikologia eta pediatriako espezialisten laguntza izan dute, eta guztiak bat datoz, baita legea ere: preso ez dauden haurren ongizatea eta garapena bermatzea ezinbestekoa da, eta hau ahalbidetuko duten baldintzak ezarri behar ditu espetxeak.

 

Aranjuezeko espetxean ordea, kontrako norabidea hartu dutela salatu dute eta agerian geratu den bezala, ez gara egoera hauetaz jabetzen. Laura Vara Jimenez ikerlari feministak aipatzen duen moduan “Amatasuna maila pribatuan gelditzen den zerbait kontsideratzean, horren dimentsio sozial eta politikoak ikusezinak eta isilduak dira. Eta modu sutilean bada ere, guzti hau emakumeoi aukera berdinak ukatzeko faktore garrantzitsu bat bihurtzen dela esan genezake”. Legeaz eta ikusezintasunaz hitz egiten ari garen momentu hau ere baliatu nahi dugu “Amatasun moduluen” inguruan hausnarketa txiki bat burutzeko. Ez da arritzekoa legedi patriarkal batean, aurreikusten direnak amatasun moduluak izatea eta ez aitatasun moduluak. Kritika eta hausnarketa zabalagoa behar duen gaia da inondik inora, baina oraindik ere ardurak noren gain jarri nahi diren legez arautua egoteak, gizartearen eta sistemaren argazki bat ateratzen lagun gaitzake. Badaude Unitate Familiarrak deiturikoak non preso dagoen bikotea eta haren umea elkartu daitezkeen, baina preso politikoek, haien egoera legal bereziagatik (FIES erregimena) ezin dute Espainiar estatuan dagoen modulu bakar honetan parte hartu.

 

Hasteko, dispertsioaren eragina aipatzea ezinbestekoa da. Euskal Herritik “gertuen” dagoen amatasun modulua Aranjuezekoa da, 496 kilometrotara dagoena. Hasieran esan dugun moduan, azpimarratzekoa da haurra ez dagoela preso, eta beraz, “nahi duenean” espetxetik atera eta sartzeko baldintzak eduki beharko lituzkeela. Hau bermatzeko, ezinbestekoa da senideak atearen beste aldean egotea. Beraz, dispertsioaren eragina handia izango da, senideek ezingo baitute espetxera hurbildu nahi bezain beste. Dispertsio hau espetxean ama diren emakume gehienei eragingo die, Espainiar estatuan momentu hauetan hiru amatasun modulu daudelako bakarrik, Madrilekoaz gain, Valentziako Picassent (EHtik 595 kilometrotara, sei euskal preso politiko eta haien umeak daude hemen) eta Granadako Albolote.

 

 

 

Hauexek dira, presoen ustez larrienak diren murrizketak:

 

  • Lorategia: Espetxe barruan “zabala, berdea, zuhaitzekin eta landareekin, zabuekin, haurrentzako osasungarria eta airea hartzeko balio duen” espazio bakarra da. Arratsaldero hau zabaltzea eskatzen ibili behar dute presoek (agindu batek ireki behar dela dioen arren) eta hau erabiltzeko geroz eta aitzakia gehiago jartzen dizkiete espetxeko zaindariek. 2014ko udan lorategia bost aldiz zabaldu zieten bakarrik eta beste arratsalde guztiak porlanezko patio batean eman behar izan zituzten 40ºko beroarekin.

  • Otorduak: Aurrez prestatutako janaria banatzen dute, kalitate eskasekoa eta erdi izozturik heltzen dena presoen eta hain umeen plateretara. Haurrek elikadura osasuntsu bat garatzeko inolako aukerarik ematen ez duen menua banatzen dute egunero eta presoen iritziz konponbidea erraza litzateke “18 hilabetetik gorako hamar bat ume egongo dira espetxean, eta haientzako bakarik sukaldatzeak ez luke lan ez inbertsio handiegirik suposatuko”.

  • Aurrez aurreko familiarrak: Lau orduko bisita hauetan gurasoak eta umea elkartzeko aukera izaten dute, baina orain arte horretarako prestatutako lorategi batean egiten baziren ere, zuzendaritza berriak familia bakoitza gela txiki batean elkartzera derrigortu ditu. Ez dago haurren beharretara egokitua, zikina dago eta kalitate txarreko jostailu gutxi batzuk dituzte bertan, beraz haurrak aspertu eta kasu batzuetan aurrez aurreko hauek egin nahi ez izatea ekarri du.

 

Hauetaz gain beste hainbat murrizketa egon dira ere. Orain arte ordutegiekin malgutasun handiagoa bazuten ere, ordutegi finkoak ezartzen hasi dira, bai haurrak espetxetik atera eta sartzeko (12:00tan eta 17:00tan) zein zeldatik atera eta patiora jaisteko. Honek haurrek behar duten malgutasun eta lo orduak etengabe mozten dituela salatzen dute senideek. Megafonia erabiltzen hasi dira berriz ere abisuak emateko, eta etengabeko zarata honek haurrak urduritu eta lo egitea galarazten du. Soinu altuak edozein ordutan entzuteaz gain, presoen zenbaketak ere edozein ordutan egiten hasi dira berriz ere haurren loa oztopatuz. Zerrenda luzea da, baina eskakizuna sinplea, duela bi urteko egoerara itzultzea.

 

Emakume presoek ere galera handiak izan dituzte bi urte hauetan. Espazio ezberdinak itxi dituzte eta honela ikastaroak galtzeaz gain, ikasteko edo idazteko zeuden espazio urriak itxi dizkiete. Ginekologia zerbitzurik gabe geratu dira eta funtzionarioek haiekiko duten jarrera okertu dela salatu dute ere.

 

Honengatik guztiagatik, elkartasun kanpaina bat abiatu zuten aurreko ikasturtean emakume eta ume hauen senide eta lagunek. Eta elkartasun kanpainak bere fruituak eman dituela jakinarazi digute. Horietako bat megafoniaren hobekuntza izan da, guztiz kendu ez badute ere, ziegetatik kendu baitute. Bestalde, Maiatzetik aurrera badirudi egunero atera ahal izan dituztela haurrak berdegunera eta Uztailean eta Abuztuan ur jolas batzuk atera ahal izan dituztela. Hala ere oinarrizkoenak ziren eskakizun zenbait lortzeke daude oraindik, eta honen alde lanean jarraitzeko eskakizuna egin dute senide eta lagunek.

 

Egoera aldatu bada ere haurren eta bertan dauden emakumeen eskubide urraketak jarraitzen du, eta honen alde lan egingo duen elkarte edo norbanakoen eskean daude. Egindako lana zabaltzea urrats bat izan zen, eta profesional ezberdinen inplikazioa lortzea bestea. Orain, txosten hauek hartu eta eskubide urraketa guztiak borrokatuko dituen norbanako, eragile eta instituzioen txanda da. Duela gutxi arte bertan egondako preso politikoek, zein haien senideek bide bat zabaldu zuten, eta bide horretan urratsak ematen jarraitzea dagokigu orain. Espetxe sistemak ikusezin nahi ditu presoak zein haien bizipenak eta gaur Aranjuezeko egoeraz hitz egin badugu ere, ez dugu ahaztu behar Picassenten beste emakume preso politikoak daudela haien umeekin, edo beste eskubide urraketak ematen direla Fleuryn, Brievan, Fresnesen, Foncalenten, Jaenen, Cordoban, ... Ez diezaiogun sistemari lagundu eta presente izan ditzagun presoak eta haien egoerak.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA