Usteez

Baztango bortxaketaren inguruan Iker Tubiak Zuzeun idatziriko hausnarketa.

Gaur elkarretaratzea 19:00tan Elizondon (Foruen plazan) eta Beran (Muxiku zubian).

Atzo, dagoeneko, jaso genituen lehenbiziko zurrumurruak. Dirudienez, eraso sexista bat izan zen igandean Nafarroa Oinez-en. Horrelakoetan ohi denez, batean eta bestean informazio handirik ez, eta hurrengo egunean Nafarroako egunkari salduenetako batek eman ohi ditu datu zehatzagoak. Lerroburuak irakurtzen hasi, eta zalantza anitz etorri dira nire burura: gehienek, zuhurtziaren alde egin, eta erasoa ustez gertatu dela esan dute.

Oraingoz esku artean dudan informazioaren arabera, igandean neska bat artatu behar izan zuten Nafarroa Oinez-eko laugarren guneko osasun puntuan, eta erasoen aurkako protokoloa martxan jarri zuten. Foruzaingoari deitu, eta haiek arduratu ziren aferaz. Ustezko erasotzaile bat ere bada, adinez txikikoa bera ere, eta Noticias egunkariak dio atxilotu egin dutela.

Egiaren aitortzeko, gertakariak konfirmatu arte, ustezkoak dira. Baina dirudienez, aski informazio bada eraso hitza koarentenatik ateratzeko. Eraso bat egon zen. Ez dakit nolakoa, eta ez dakit deliturik izan denetz. Baina pertsona bat artatu behar izan dute. Zalantza gehien sortu didan lerroburuak dio pertsona bat atxilotu dutela ustezko eraso batengatik. Ustezko eraso batez baino, ez luke ustezko erasotzaile bati buruz hitz egin beharko? Izan ere, sexu erasoen kontuan asko dira erasoak de facto zalantzan jartzen dituzten herritarrak. Usteen arazoa ez al da erdiak ustel direlako sentsazioa?

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA