Lisboan egin ditu azken kilometroak 2015eko Emakumeen Mundu Martxako karabana feministak. Eskubide urraketen aurka andreek abiatutako borrokak aldarrikatu dituzte.
Babelgo dorrean adina hizkuntzatan entzun ziren atzo aldarrikapen feministak Lisboan. Kurdistandik Portugalera 13.242 kilometro egin ostean, helmugara iritsi zen 2015eko Emakumeen Mundu Martxaren karabana feminista. Europa osotik heldutako ehunka emakumek —tartean Euskal Herriko berrehun feminista baino gehiago— parte hartu zuten Unibersidade Novan izandako itxiera ekitaldian. Eta oinez egin zituzten azken metroak iluntzean: emakumeen eskubideen aldeko garrasiak hartu zuen hiriburuko erdigunea.
Mundu martxaren pankarta handi batek ireki zuen manifestazioa. «Utzi pasatzen: feministak dira eta mundua aldatzera datoz», abestu zuten portugesez. Atzetik zetozen aldarriak kurdueraz, frantsesez, euskaraz; krisiaren aurka, andrazko guztiekiko elkartasunaren alde... «Gora borroka feminista» oihua ahotan hartu zuten katalanek, eta frantsesak ere katalanez mintzatu ziren: «Visca la lluita feminista!». Eta une batzuetan, trikitiaren erritmoan ere dantzatu ziren denak.
Mundu osoko emakumeak libre izatea hartu du xede eta lelo Emakumeen Mundu Martxak. Karabana abiatu zenetik agerian geratu baita askatasunik gabe bizi direla andrazko asko, oinarrizko giza eskubiderik gabe; bortizkeria jasaten dutela emakume izate hutsagatik, beste emakume batekin oheratzeagatik, politikan aritzeagatik, proiektu pertsonalak garatzeagatik... Agerian geratu zen, gainera, martxaren hasieratik: Gultan Kisanak Diyarbakirko alkatearen hitzaldiak eman zion hasiera martxari, Kurdistanen; egun, ordea, kartzelan da Kisanak, bost urteko espetxealdia ezarri baitio Turkiako Justiziak, berbaldi hartako edukia delitutzat jota.
Baina zigor horien aurka altxatzen ari dira emakumeak, Kurdistanen ez ezik, mundu osoan. Eta borroka horien lekuko izan da mundu martxa, Judite Fernandes martxaren Nazioarteko Koordinakundeko kideak azaldu duenez: «Emakumeen erresistentzia ereduen bidez, munduaren mapa alternatibo bat eraiki nahi dugu».
Karabana, Europan
Mundu martxari lotutako jarduerak kontinente guztietan egin dituzten arren, aurten batik bat Europan ibili da karabana feminista. Kurdistandik Portugalera, martxotik urrira, hogei herrialdetik gora igaro ditu. Besteak beste, Turkian, Grezian, Polonian, Alemanian, Austrian, Frantzian, Euskal Herrian eta Portugalen izan da.
Aurreko urteetako karabanekin alderatuta, alde nabarmenak ekarri ditu martxa Europatik igarotzeak. «Borroka eta aldarrikapen asko antzekoak dira, baina tokian tokiko berezitasunak dauzkate», nabarmendu du Nicole Geovana Nazioarteko Koordinakundeko kideak. «Gerra, abortua, indarkeria matxista, lesbianen ikusezintasuna... borroka feminista guztietan daude, baina leku bakoitzean erresistentzia modu jakin bat garatu dute. Beraz, memoria asko ditugu ikusarazteko».
Gerra oso presente egon da beti Emakumeen Mundu Martxaren jardunean. Atzoko ekitaldian ere, iragan astean Ankarako atentatuan hildakoen omenezko minutu bateko isilunearekin hasi zuten gerrari buruzko mahai ingurua. Eta mundu osoan jasotako irakaspenen laburpena egin zuen Graça Samo Nazioarteko Koordinakundeko buruak: «Emakumeak beti bizi dira gerran, bizi diren tokian gatazka armatu bat izan ala ez». Mozambike bere jaioterrian gerra ostean izandako egoera ekarri zuen gogora: «Guda amaituta ere, emakumeek indarkeria jasaten jarraitu genuen, etxe barruan. Armarik ez egoteak ez du esan nahi bakea dagoenik. Hala izango da pertsonak aurrez aurre jartzen dituzten arazoen errora jotzen ez dugun bitartean: desberdintasunetara, pertsona batzuek besteak mendera dezaketen ideia patriarkalera». Elkartasuna helarazi zieten Siriako gerratik atera nahian dabiltzanei: «Ez dira errefuxiatuak, gerratik eta indarkeria maskulinotik ihesi doazen pertsonak baizik». Eta Palestinako andreei, gatazka berpizten ari den egunotan. Haien izenean mintzatu zen Shad Wahdi. Intifada hitzak astindu esan nahi duela gogora ekarrita, galdera bota zuen, Emakumeen Mundu Martxaren beste aldarri nagusietako bati erreparatuta: «Gure gorputzak deskoloniza ditzakegu, haietan Intifada bat eginez?».
Bi egun fundamentalismoen aurreko erresistentziak eta borroka-estrategiak bir‑pentsatu, bir‑irudikatu eta bir‑abiatzeko
Azaroaren 28an eta 29an “Fundamentalismo politiko, ekonomiko, erlijioso eta kulturalen inpaktua sexu- eta ugalketa-eskubideetan” V. Topaketak egingo dira Donostian. Psikologia Fakultateak eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak partekatzen duten Areto Nagusian egingo dira, UPV/EHUren Donostiako Campusean (Tolosa hirib. 70). Aurtengoan, Medicus Mundi Gipuzkoak baditu erakunde antolatzaile berriak bere ondoan. Movimiento Manuela Ramos ohikoaz gain, CREA antolakunde feminista (Medicus Mundi Gipuzkoak berarekin lan egiten du Indian), UKS (Unibertsitate Kritiko Sarea) eta UPV/EHU ari dira lankidetzan edizio honetan.
Topaketen bosgarren edizio honetarako, CREAk Nepalen, apirilean, egin zuen “Rethink, Reimagine, Reboot” (“Bir‑pentsatu, Bir‑irudikatu, Bir‑abiatu”) biltzarra hartu da erreferentziatzat. Goiburuak berak dioenez, topaketa hauen asmoa ere bada espazio bat izatea politika eta erresistentzia birpentsatzeko, aldaketa eta eraldaketa berrirudikatzeko, eta borroka-estrategiak berrabiatzeko; kasu honetan, fundamentalismo batzuek zein besteek pertsonen eskubideetan duten inpaktuei dagokienez eta, zehazki, haien sexu-eskubideetan eta ugalketa-eskubideetan.
NAZIOARTEKO HIZLARI ENTZUTETSUAK
Aurten, izen ezaguneko parte-hartzaileak egongo dira, hala nola Aura Lolita Chávez –aktibista eta lider indigena baliabide naturalen aldeko borrokan, Guatemalakoa–, Dolores Juliano –antropologoa eta ikertzaile feminista, argentinarra jatorriz–, Njeri Gateru –Kenyako Gay eta Lesbianen Giza Eskubideen Batzorde Nazionaleko zuzendari exekutiboa–, edo Agnieszka Król –poloniar aktibista eta ikertzaile feminista–, beste askoren artean.
Anima zaitez, eta politika eta erresistentzia BIR‑PENTSATU, aldaketa eta eraldaketa BIR‑IRUDIKATU, eta borroka-estrategiak BIR‑ABIATU! Zure zain egongo gara! Izena ematea doakoa da. LEKU MUGATUAK!
Tel: 943 404740 E.mail: educ.gipuzkoa@medicusmundi.es Web: www.medicusmundigipuzkoa.eus
"INTERSEKZIONALITATEA: IDENTITATE ANITZAK" SINPOSIOA
2019/11/28 9:00 - 17:30
Ibaiondoko udaltegia. La Bolsako Areto Nagusia
Azaroaren 28an burutuko da Bilbon eta bi ardatz izango dira nagusi: mugimendu sozialak eta politika publikoak.