Egunak, festak, geureak dira

Ana Iruretagoyenak Klitton utzitako hausnarketa

Beste emakume bat. Bortxatua. Adin txikikoa, adin txikiko batek. Nafarroa Oinez festan. Ustezko erasotzailea, inputatuta, baina aske.

 

Nafarroako Ikastolen Elkarteak ohar batean adierazi du “atsekabetuta, harrituta eta haserre” daudela. “Ikastolen jaien historian zehar lehendabizikoz egin behar izan diogu aurre halako egoera bati”, gehitu dute.

Ez da, tamalez, bortxaketa edo sexu erasoren baten berri ematen dugun lehen aldia; ez da, tamalez, adin txikikoa den emakume bati eraso egin diotela kontatu behar dugun lehen aldia; etengabeko jarioa da gure gizartean: badakigu, sistematikoa da; batzuen boterea eta besteen zapalkuntza mantentzea ahalbidetzen duen izeberg erraldoi baten noizbehinkako punta ikusgarria baino ez dira.

Harritu egin ditu, ordea, Nafarroako Ikastolen Elkarteko kideak eta, hein batean, baita geu ere. Harritu, erasoaren testuinguruarengatik, batik bat. Aurreikusgarriak dira-eta ia, esaterako, Iruñeko San Ferminetan, Baionako Bestetan, Gasteizko gauetako kale estuetan, urtero, hamaika emakumeri egiten dizkieten erasoak –irakur bedi beste behin esaldia, normaltasunaren nazka irentsi arte-; hain aurreikusgarriak, ezen autodefentsa tailerrak antolatzen baitituzte maiz, festa garrantzitsuen aurretik.

Ohitu gara (emakumeok) halako testuinguruak beldurrarekin, zuhurtziaz ibiltzearekin, kanpotik datorren jende arrotzarekin, masibotasuneko bakardadearekin… lotzen –irakur bedi beste behin esaldia, normaltasunaren nazka irentsi arte-, eta ikastolen festak bazirudien beste mota bateko giro eta lasaitasunarekin lotzen genituela: herri txiki batean, egunez, familiartean, giro euskaldun/euskalzalean, geure-geurean, hein batean.

Beste emakume bat bortxatua izan da Euskal Herrian, eta  balio dezala sexu erasoen nolanahiko testuinguruak identifikatzen jarraitzeko. Sexu erasoak ez dira arrotzak, ez dira kanpoko jendeak eraginak, ez dira gune ez seguruetan burutzen, ez dira beti besteei gertatzen zaien albistegietan entzuten den gauza horietako bat.

Hamaika aldiz atera gara kalera garrasi eginez, aldarrikatuz: gauak, kaleak, geureak dira. Eta gehitu beharko diogu: egunak, festak, ere bai.

ETIKETAK

Elkarbanatu!