Telesailetan ere gizona biluztu dadila

Mikel Garcia Idiakez Argiako kazetariak telesailetan emakumeen gorputzaz egiten den erabileraz azken hilabeteetan aktore ezberdinek egindako salaketa eta eskariak bildu ditu.

Game of Thrones telesail famatuko aktore emakumeen aspaldiko kexa da: eszena asko eta askotan biluztu behar dutela emakumezkoek, gizonezkoek aldiz apenas.

Berriki, telesaileko aktore gizon batek ere, Jack Gleeson-ek (Kevin Bacon eta beste hainbatek bezala), biluzietan oreka handiagoa aldarrikatu du, telebistan nahiz zineman. Ildo berean, The Affair telesailean sexu eszenek duten tratamendu matxista gogor kritikatu du bertako protagonista Ruth Wilson-ek: “Eszena hauetan emakumea hipersexualizatzen da, harengan jartzen da arreta guztia eta emakumeak gara eszitazioa eragin behar dugunak, publiko maskulinoari zuzendutako eszenak direlako. Orgasmoaren unea beti guk interpretatu beharraz aspertuta nago, zuzendariek emakumeoi eskatzen digute gure ametsak erakusteko, baina ez zait justua iruditzen; kamera gizonaren orgasmoan zentratu beharko litzateke, emakumearenean bezainbeste. Zaila da sexu eszenetan lan on bat egitea, zabor asko dago inguruan”.

Begirada maskulino heterosexualak deformaturiko erotismoa

Zineman eta telebistan, begirada maskulino heterosexuala da nagusi eta horrek “erotismoarekiko gure ikuspegia deformatu du, hainbeste, gizonezko ikusleak berak ere ez duela bere burua ordezkatuta ikusten pelikuletako sexu eszenetan, ez delako gizon biluzirik ikusten istorioak hala eskatzen duenean. Emakumeak ordea, uneoro biluzten dira, istorioak eskatu edo ez eskatu, batzuetan komiko bilakatzeraino”, adierazi du Joana Bonet kazetariak.

Hain dugu barneratuta begirada hori, ezen adibidez sexua ardatz omen duen 50 shades of Grey filmean gizonezko protagonista ez den erabat biluzik agertzen eta pelikula horretako zuzendari Samantha Taylor-Johnson-ek zera dioen: “Nazkagarria izango litzateke eta ez litzateke batere komertziala”.

Tabuak, moralkeria, faktore komertzialak eta matxismoa, gaur egun oraindik nagusi den koktel arriskutsua, inondik inora.

ETIKETAK

Elkarbanatu!