Pottoberberook

Estitxu Eizagirre Argiako kazetariak, aldizkari berean agertu zen Pablo Sastreren artikuluari erantzuna

Urriaren 21eko Argian (2478 zenbakian), Gizona ez da emakume hiltzen artikuluan, idazleak azpimarratzen zuen sexuak soilik bi direla, “Arrak eta emeak: geure portamenari buruz aurre-disponitzen gaituztenak; (…) Interesantea da sexua eta generoa bereiztea. Generoak matizatu, finkatu, areagotu, gozatu egiten du sexu-diferentzia”. Jarraian, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak zerrendatu zituen, ongi ulertu badut, emakumeak gizonen diferente izatea aldarrikatuz: “Emakumeen begirada diferenteak behar ditugu –batez ere, gizonok–”.

Gizon eta emakumeon artean –beraz, sexua soilik izanik aldagaia– dauden ezberdintasunen zerrendak egiten hasten garenetan –oso kirol gustukoa kafetegi, taberna eta elkarte gastronomikoetan–, etengabe galdera bat ernetzen zait. Zer onik ekartzen digu balizko “sexu portamen aurre-disponitu”, edo Jainkoaren antz susmagarria hartzen diodan esentzia horretan sinesteak? Adibide ausart xamarrak jarri ditu Sastrek, baina hala ere, nork daki benetan portaera jakin bat –artikuluan aipatzen dira, besteak beste, panpinekin edo armekin jolastea, bide-peoitza lanak egitea edo kartzelara eraman duen hura– juxtu zakilak edo aluak eragindakoa den? Horretan sinesten duzu edo ez, aldeko adina aurkako ikerketa egongo dira. Baina batez ere: zertara garamatza baietz, hala dela pentsatzeak? Itxuraz ebidentea den zerbait konstatatzera? Akta hartzera? Eta horrek zer ondorio ditu esentziak “aurre-disponitu” dion portamen hori jarraitzen ez dituen gizon eta emakumeen artean? Zure adibideetara itzulita, neskek panpinetarako duten joera ustez “naturala” bada, zer da neska batek armekin jolasteko joera izatea? Zer sentituko genuke neska horrekiko inguruko pertsonek? Utziko genioke bakean bere jolasak aukeratzen? Esentziarekiko sinismen horrekin zer lortzen dugu, gizarte osoak gure portamenak hautatzeko askatasuna izatea ala “berdintasun” (sexu bereko besteekiko) eta “diferentzia” (beste sexuarekiko) eredu alienatzaileena indar osoz inposatzea?

Diferentzia aldarrikatzen du feminismoaren zati handi batek, diferentzia eskatzen esentziez dihardutenek… Nola ulertzen dugu diferentzia edo aniztasuna? Feminismoak beldur dion eta esentzialismoak aldarrikatzen duen natura horren oinarrizko arauetako bat da, hain juxtu, bizitza ziurtatzeko, izaki diferenteak egitea (ez klonak). Baina diferente, izaki bakoitza. Gizonen ezaugarriak zerrendatzeaz eta emakumeen ezaugarriekiko ze diferente diren behin eta berriz errepikatzeaz arduratzen diren horiek, aldagai bakarrean (hankartea) jartzen dute marra gorria. Eurek aldarrikatzen duten naturak, aldiz, marra gorria izaki bakoitzaren bueltan jartzen du, eta mila eta bat aldagaien arteko konbinaketak egiten. Zintzoki begiratzen baditugu pertsonak, ohartuko ginateke araua baino salbuespen gehiago daudela. Naturaren araua, juxtu arau-hausteak aurreprogramatzea dela. Badaezpada, datorrena datorrela, izaki gisa bizirik irten gaitezen. Eskerrak eman behar dizkiegula, alegia, “portamen aurre-disponitua” jarraitzen ez dutenei, bost axola portamen hori sexuak edo gizarteak aurre-disponitua den. Denoi zabaltzen digutelako beste portamen bat izateko aukera, eta espezie gisa irauteko araua, arau-haustea delako.

Sastreren adibide bakarrari erantzuna

Adibide bakoitzak sorraraz dezake iritzi artikulu bat   –eztabaida sustatzea ez da ekarpen makala–, nik honakoaren aurrean ezin eutsi: “Ekibokatua egonen naiz baina, emakume baten ipurdiari jarraitzen dion gizon-begiradaren atzean (barrabil, prostata, zakil) sexu-aparatu bat ikusten dut nik, eta, emakumearen eder agertu nahiaren atzean, umetoki bat ikusten dut”. Esaldia egina dagoen eran, irakurleon buruak jolasten du “emakumearen eder agertu nahiaren atzean” omen dagoena asmatzera. Esaldi horretan bertan gizonen portamenari lotuta sexu-aparatu bat (bere barrabil, prostata eta zakilarekin) ikusi dugunez gure irudimenean, emakumeen adibidearen txanda etorri denean, irakurle honen irudimenak ezin izan dio emakumeen sexu-aparatu osoa irudikatzeari. Eta kar, kar, kar, “umetokia” horrek kolpez hoztu dit gogoa. Emakumeok umetokiak bultzatuta jarduten dugula? Gure bizitzan batzuek 0 bider, beste batzuek behin, beste batzuek bi aldiz, hiru, lau… Aldiz, pottorberoak gara bizitza osoan –horri buruzko ikerketak badira, eta errazago dena, galdetu inguruko emakumeoi–, beraz, eder agertu nahi nabarmena emakumeen sexu-aparatuarekin parekatu behar bada, aipatu ez dituzun sexu atalen batekin lotuagoa egongo da. Eta bai, noski, pottorberook ere jarraitzen ditugu begiradarekin besteen ipurdiak.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA