Putak ala militanteak? I jauna

Ignazio Aiestaranen hausnarketa, Argian duen Komunzki blogetik hartua.

Egiazki A jauna izan zitekeen, edota Z jauna ere, baina oraingo honetan I jauna izan zen. Aldizkari bati emandako elkarrizketa batean –jende askok goraipatu zuen elkarrizketan– bere alderdiari buruzko hurrengo erkaketa adierazi zuen: “mundu orok limurtu nahi duen neska-lagun pobrea gara”. Soilik jendarte patriarkal batean bota daiteke halako alderaketa matxista eta klasista gaizki sentitu barik. Bertzelako politika eskatzen den garaian, erran honek gorputzaldi txarra uzten dizu, are eta gehiago duela gutxi mitin batean I jaunak hautagai lehiakide bati harrokeria hau bota ondoren: “larrua joko diogu, zartailuz joko diogu kanpaina honetan”.

 

Alfa arraren indarrez gizakien jabegoaren menpean politika adieraztea ez da iraganeko gaia. Politika berri honek estereotipo zaharrak errepikatzen ditu emakumeen emantzipazioaren aurka. Arestian aipaturiko elkarrizketan I jaunari gogorarazi zioten “Politologoak: Putak ala militanteak?” izeneko artikulua plazaratu zuela. Testu hartan, lan “partisanoa” (sic) goresteko asmoz, hasierak honela zioen: «Nire engaiamendu politikoa gaitzetsiz, Akademiaren kide batek nire argudioei balioa kendu nahi dien bakoitzean, zera diot: “Eta zu puta”». Berriro aurreiritzi matxista eta klasista. Puta bat hamaika kausaren aldeko militantea izan daiteke, bere gorputzaz erabakitzeko eskubidearen aldekoa ere bai, noski. Bestalde, prostituzio bortxatuen kasuetan, ez da bidezkoa pertsona baten aurkako sexu-esplotazioa –gizonek sorturiko esplotazioa– politikan erabiltzea. Ez da ez bidezko, ez zilegi, ez justu.

 

Politika zaharra eta berria erreakzionarioak eta diskriminatzaileak izan eta izaten dira. Bandera anitz altxatu dira galdetzeke nortzuek ehundu, adabatu eta garbitu zituzten mendeetan zehar. Militantzian gizonezkoen ereduak menperatu eta menperatzen du eremu politikoaren nukleoa, buru uniformatuaren eta testosteronaren bidezko gizontasun militartuaren poderioz.

 

Dark Fields of the Republic. Errepublikaren eremu ilunak. Honela dio Adrienne Rich idazle ekintzailearen lan baten izenburuak. Han bertso bi: “Emakumeei buruzko istorio bat kontatu zenien mutil batzuei Ez zen nire istorioa izan / ez zen emakumeei buruzko istorio bat gizonei buruzko istorio bat zen”. Neska-lagun pobreak, putak, militanteak? Emakumeak eta bertze politika bat eremu ospelotan.

 

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA