Esplotazioaz harago

Maite Asensio Lozanoren (Berria) Etxeko langileen esplotazioaz eta egoeraz artikulua.

Emakumeak etxeko eta zaintza lanetan esplotatzeko salerosketa ere badagoela azaleratu du ikerlan batek. Ikusezinak dira, ordea: kasuak antzematea zaila dela eta, ikerketa gutxi abiatzen dituzte erakundeek, baina ahalegin handiagoak eskatu dituzte eragileek.

Ikusezinak dira gizartearentzat, baina agerikoak sektorean: gehiegikeria gehien jasaten duen lanbideetako bat da etxeko langile eta zaintzaileena. Feminizatutako lan esparrua da, emakumeentzat «naturalak» direlakoan eginbeharrok, eta balio sozial txikia ematen zaienez, baldintza prekarioak dituzte, atzerritarrek batik bat: kontraturik gabe aritzen dira sarri, lanaldi luzeak egiten —atseden egunik gabe, etxean bertan bizi direnen kasuan—; oso soldata baxuak dituzte; ez dizkiete funtzioak zehazten, eta askotan lanak eransten dizkiete; abusu arrazista eta sexistak pairatzen dituzte maiz... Argi dago eremu horretan esplotazio egoerak badaudela, baina emakumerik salerosten al da horretarako? Baietz uste du Laura Salesek (Bartzelona, 1974), Surt Fundazioko ikertzaileak: «Zenbait eragilek xehetasun handiz deskribatu dituzte sektorean detektatutako salerosketa kasuak».

Ia batere aztertu gabe dago lan esplotaziorako pertsonen salerosketa etxe zerbitzuen eremuan gertatzen denean. Europan egin den ikerketa apurretako batean parte hartu du Bartzelonako Surt Fundazioak: Europako Batzordearen babespean, Combating trafficking in women for labour exploitation in domestic work txostena ondu du, Txipre, Grezia eta Lituaniako erakundeekin batera. Errenterian (Gipuzkoa) aurkeztu berri ditu Salesek ikerketaren emaitzak, SOS Arrazakeriak etxeko langileen inguruan antolatutako jardunaldi batean.

Salerosketa moldeen artean, andreak etxeko eta zaintza lanetan esplotatzea helburu duena ez da ohikoena. Salesek onartu du eragile batzuek zalantzan jarri dutela egiaz halakorik dagoenik, «errentagarria» ez delakoan, edo lan baldintza prekarioak «onartuta» daudelako eta, beraz, andreen aurkako hertsatzea edo indarkeria erabili behar ez dutelakoan. «Baina, gure ustez, salerosketa kasuak antzemateko gaitasun ezari erantzuten diote duda horiek», argitu du Salesek.

Egia da, ordea, zigor epairik ez dagoela fundazioak aztertutako lurraldeetan: Espainia, Hego Euskal Herria, Herrialde Katalanak eta Galizia. «Oso kasu gutxi ikertu dira». Espainiako Fiskaltza Nagusiaren 2013ko txostenean agertu zen delitua lehen aldiz: urte hartan, pertsonen salerosketarekin lotutako 325 ohartarazpenen berri jaso zuten, eta 146 diligentzia abiatu zituzten, gehienak (129) sexu esplotazioaren arlokoak; soilik 11 diligentziatan ageri zen lan esplotazioa, eta haietako bakarra zen etxeko lanen esparrukoa —gehiago izan ziren eskale aritzeko salerositakoei buruzko auziak: sei—. «Horrek ez du esan nahi halako kasurik ez dagoenik, baizik eta ikusezinagoak direla».

Fiskaltzak 2013an zabaldutako diligentzia bakar hartan Paraguaiko hiru emakume ziren biktima. Auziak pertsonen salerosketaren ohiko faseak bete zituen: sorterrian atzeman zituzten, gezurrak baliatuz, enplegu duinak hitzemanez; ondoren, hegazkinez garraiatu zituzten. Helmugara heltzean, ordea, dokumentazioa kendu zieten, eta mehatxupean izan zituzten, bidaian hartutako zorra ordaindu arte: duintasunik gabeko baldintzetan egiten zuten lan, ez zuten soldatarik jasotzen... Argi du Salesek: «Fiskaltzara heldutako kasuetan muturreko egoeretan izan zituzten emakumeak. Izozmendiaren punta dira: badaude gehiago».

Egoera ahulean dauden andrazkoak bilatzen dituzte salerosketa sareek, Salesek salatu dutenez: «Probestu egiten dute oso gune pobretuetan bizi direla, eta esplotazioa edo indarkeria jasan izan dutela hona heldu aurretik ere». Baina sareok ez daude soilik haien jaioterrietan: helmuga gisa dituzten hirietan ere kideak dituzte. Ildo horretan, etxeko langileentzako enplegu agentzien rolaz ohartarazi du: «Jakina da agentzia batzuek biktimak errekrutatzen dituztela: lan kontuak kudeatzeaz gain, bidaiak ere eskaintzen dizkiete. Halakoak ikertzen ari da Fiskaltza. Eragileek aipatutako kasuetan, agentzien jarduera batzuk esplotazioaren konplize gisa uler daitezke: dokumentuak atxikitzea, zorra ordaintzeko mirabe aritzea...».

 

Jarraitu irakurtzen

ETIKETAK

Elkarbanatu!