Bakea ez da existitzen, feminismoa bai (I)

Jule Goikoetxeak Klitto! atari digitalean publikatutako hausnarketa. Ponenitza hau UEUko "Gatazka politikoa eta etorkizuneko bake feminista" ikastaroan aurkeztu zuen udan.

 

Zer da bakea eta zer biolentzia? Zer da gatazka eta zer normalizazioa? Normalizazioak bakea al dakar? Noren bakea? Noren gatazka?

Zer da bakea? Egoera normalak hartu izan dira bake egoeratzat. Gerran ez dauden gizarte demokratikoak bakean bizi direla ulertzen da. Hau da, egoera normalizatuan. Bakea eta normalizazioa elkarrekin doaz gure pentsatzeko eta mundua ulertzeko eran. Baina ez gara konturatzen patriarkatuaren ikuspegitik pentsatu izan direla beti bakea eta normalizazioa, alegia, ideologia androzentrikoaren ikuspuntutik (Butler, Pateman, Puleo, Molina, Wittig); beraz, ikuspuntu feminista batetik, bakea eta normalizazioa ez dira izan biolentziarik eta gerrarik eza, baizik eta guztiz kontrakoa. Izan ere, patriarkatuan emakumeen kontrako biolentzia da araua, eta sistema patriarkaleko normalizazioak zera esan nahi du: emakumearen menpekotasuna (ikus Rousseau, Locke, Burke).

Gizarte baketsu eta normal bat da gizarte bat non emakumezkoak otzanak-esanekoak baitira eta gizonezkoek gobernatzen baitute.

Bakea eta normalizazioa patriarkatuan

Zer da bakea erantzuteko, “norma-la” zer den erantzun behar dugu. Sistema patriarkal batean, zer da norma? Emakumeek eremu pribatua taxutzea da norma, emakume normala da istripuzkoa, desbideratua, objektua, gorputza, naturala, partikularra, lizuna eta femeninoa. Eta gizon normala da arrazionala, publikoa, unibertsala, burua eta maskulinoa.

Genero-sexu sistemak pentsatzen du gizonak eta maskulinitatea bikainak direla, eta emakumeak eta feminitatea, ordea, desbideratzea eta gabezia direla dela; beraz, NORMA horretatik ateratzen den oro arazo bilakatzen da: GATAZKA sortzen du. Horrek zera esan nahi du: NORMA egikaritzeko, noma-litatea lortzeko, BIOLENTZIA ikaragarria behar da. Baina, aldi berean, egoera normal batean = patriarkatuaren egunerokoan, “bake” egoeran, “GATAZKA” hitzak zera esan nahi du: emakumen sumisiorik eza.

Eguneroko praktikak patriarkalak diren heinean, NORMALITATEA emakumearentzat, eguneroko gatazka eta biolentzia jarraituan oinarritzen da. Patriarkatuan gizonen bakea emakumeon biolentzia da, halabeharrez.

(ez naiz ari pertsona konkretuei buruz, ez baita berdina gizon diruduna eta zuriaren egoera, edo gizon langile eta etorkinarena, emakume espainiar pobrea edo emakume euskaldun aberatsa, etab.)

Beraz zertaz ari gara EDO ARITU BEHARKO GINATEKE normalizazioaz eta bakeaz ari garenean?

Gatazkaren eta errepresioaren diskurtso ofizial eta publiko-publikatuetan ez da patriarkatua aipatzen, aldiz, kapitalismoa, sozialismoa, justizia, egia eta bakea aipatzen dira. Are gehiago, gizona da gizabanakoaren irudi ofizial eta publikoa, gizabanakoak gatazkaz eta bakeaz hitz egiten duenean. Beraz, bakea eta gatazka pentsatzean: zein da bake horren subjektua? Eta gatazka horren subjektua? Gizona. Berdintasuna balego berdin litzateke baina desberdintasunean bizi garenez, eta horrexegatik hain zuzen ere, gure interesak gure posizio sozialaren araberakoak dira, eta geure posizio sozialak ez dira berdinak. Gizon-emakumeen posizio ekonomiko, kultural, politiko eta sinbolikoa elkarren kontra eraikitzen direlako patriarkatuan.

Horregatik da sistema patriarkaletan gizonen bakea emakumeen biolentzia. Sistema kapitalistan ugazabaren bakea langilearen biolentzia den bezalaxe.

(“Libertatea” gogoratu “arrazionala, autonomoa eta maskulinoa” dela).

XVII. eta XVIII. mendeetan patriarkatu modernoaren sorrera ikusi genuen, gaurko demokraziaren oinarria den kontratuaren teorien bidez. Lehenik sistema politiko liberalean, ondoren sistema demokratikoan, eremu publiko eta pribatuaren arteko zatiketan oinarritzen dira gizarteak ezinbestean, burgesiak bere interes ekonomikoak gauzatu ahal ditzan. Eremu pribatua, definizioz, politikoa-ez-den-espazioa da. Politikoa ez den espazioa naturaren espazioa da: ez legerik, ez eskubiderik. Naturaren espazioa biolentziaren espazioa da (diote gizon liberalek: Hobbes, Rousseau, Locke), emakumeen espazioa, alegia, eta espazio publikoa aldiz kulturaren, arrazoiaren eta legearen espazioa: berdinen eremua, gizonen tokia. BERAZ emakumea izaki ez-politikoa da. Horregatik ez du politika egiten, politika egiten duten horiek ZAINTZEN eta PRODUZITZEN ditu. Edo, bestela esanda, gatazka egiten duten horiek ZAINDU ETA PRODUZITZEN DITU, Zuriñe Rodriguezen tesiak argi uzten duen moduan.

Emakumeak musu truk erditzen dira humanitateaz, musu truk ekoizten eta hezten dute. Nola izango da ba izaki publikoaren eta librearen bakea, esklaboaren bakea? Nola izango da gizon publikoaren bakea, emakume pribatuaren bakea?

Eremu publikoa eta beraz gizona eratzea posible izan da hainbat izaki eta erlazio kanporatu dituztelako berdintasunetik eta askatasunetik (hots, politikatik, gatazkatik, libertatetik, non emakumea, baldin eta bazegoen, objektu zaintzaile eta plazer emaile bezala bakarrik egon zitekeen).

Ezin dugu kanporaketa hori ahaztu, entzule eta irakurleok, “emakume” marka jarri zigutenetik ezin baikara protagonistak izan, gure izaki osoa “sexualizatua” (razializatua) baitago (Wittig); eremu publikoa eta prestigioa ez dira guretzat, eta libertatea eta autonomia ere ez. Emakumeak egunero kanporatzen dituzte asmo zehatzik gabeko egituren bidez, kanporatzen dituzte neurri handiagoan edo txikiagoan, baina kanporatzen dituzte espazio publikotik eta gatazka publikotik, beti bigarren lekuan, beti atzean, beti azpian (Bourdieu), zaintzaile eta zerbitzariaren paperean. Inoiz ez protagonistarena rola jokatzen. Emakumeek ez dute protagonista izateko eskubiderik ez direlako SUBJEKTU, objektu baizik. Ez gatazka armatuan, ez ezagutzan, ez medikuntzan, ez hedabideetan, ez justizian, ez gara subjektu nagusia inon; protagonismoa, politika, legea, eskubidea, historia, gizonena da. Kanporaketa sistematiko honi esaten zaio NORMALITATEA. Bake egoera.

Emakumeak ia egunero akabatzea NORMALA DA, demokraziaren funtzionamendu NORMALAREN PARTE DA eta emakumezkoak EGUNERO umiliatu, jo eta belaunaldiz belaunaldi sistematikoki periferian kokatzea BAKE EGOERA da. Emakumeek musu truk lan egitea edo gizonek laneguna bi bider egitea, gutxiago kobratuz, EZ DA GURE HERRIAREN GATAZKA POLITIKOA. Ez da konpondu beharreko gatazka NAGUSIA. Honetarako, ez dago nazioarteko batzorderik, gizonen desarmatze prozesurik, ez dago Eusko Jaurlaritzan Batzorde loteslerik: EZ DAGO GATAZKARIK.

“Gatazka” (gerra, biolentzia politikoa) GIZONEN artean akabatu eta bortxatzen direnean gertatzen da.

Eta “Bakea” GIZONEN artean akordio bat lortzen dutenean.

 

Bigarren zatia jada Klitton

ETIKETAK

Elkarbanatu!