Aurten ere titietaraino

Ekhi Eizagirre Bilgunekide eta preso politikoak idatziriko analisia.

Kezkatuta naukate azken gertaerek. Kezkatuta udan sortutako azken eztabaidek. Bi urte daramatzat frantziar estatuko espetxeetan bahituta. Bi urteotan, nire gorputzaren gaineko jazarpen eta erasoak pairatu ditut astero, eta udan, ia egunero. Ezaguna da espetxeetan gure gorputzen gaineko kontrola haienganatzeko apeta etengabea dela, zer jantzi ahal dugun eta zer ez zehazten digutelarik. Debekatuta daukagu eraikinean sabela, sorbaldak eta belaunak erakustea, eta, zer esanik ez, bular eta aluak. Hala, giltzariek gure janzkeran iltzatzen dituzte etengabe begiradak, aldiro zerbaitengatik ohartarazi eta egunerokoa jasangaitz bilakatu.


Gure gorputzen gaineko erabakiak, ordea, ez dira hor amaitzen. Euren moralaren izenean jantzi hau edo beste debekatzen digute, baina astebururo-astebururo biluztera behartzen gaituzte. Nik aspaldi jarri nien izena bisita eta espetxeko joan-etorrien osteko biluzketa behartuei: bortxaketa. Eta horien helburu nagusia da presoa azpiratu eta umiliatzea.


Dela hiru aste jakin genuen aurrez giltzari izandako Fresneseko teknikaria (gizona bera) atxilotu zutela hainbat emakume presori erasotzea egotzita. Antza, zortzi presok jarri zuten tipoaren aurkako salaketa. Komunikabideetan azaldu denez, erasotzaileak argazkiak ateratzen zizkien neskei biluzik, ondoren sarean zabaltzeko. Horrez gain, sexu truke detentzioan debekatuta dauden zenbait produktu ekartzen zizkien neskei. Azkenik, bortxaketa salaketa bat ere bada bere aurka. Kasu larria zinez, tipoak inpunitate osoz egin baititu eraso horiek, nesken ziegetara bere kasa eta baimenik eskatu gabe sartu-irtenez, eta, argi denez, beste giltzari batzuen konplizitate zein onespenarekin. Duela bi aste, hogei bat presok, patioan bilduta, afitxak eskuan salatu genuen gertatutakoa.


Guri han-hemendik iristen zaizkigu Euskal Herriko berriak hona, baina hemengo egunerokoa horra helaraztea ez da horren erraza. Horregatik, gaurkoan, gure eguneroko ogiaren kontakizun labur hau. Ez dira onak, ez, Paris gris honetako azken berriak. Baina hemengo egoerak ez ezik, Euskal Herrian jasotako zenbait gertaerak naukate kezkatuta. Feministok Gallardonen abortu legeari ukabilkada eman badiogu ere, badirudi gure erabakien, ekintzen eta gure gorputzen gaineko kontrol hori estatu eta elizaz haratagoko kontua dela.


Uda hasieran, Gasteizko gertaeraren ostean, mugimendu feministak eraso sexistak salatzeko egindako ekimena izan zen denen ahotan; ondoren, gure herriko hainbat hiriburutan izandako manifetan neskek kaputxak ipini izana. Gaur ikustaldian kontatu didaten azken gertaerak, ordea, nire pazientzia agortu du, esan baitidate Azpeitiko festetan titi bistan ibilitako neska talde bati kexaka eta oldarka hurbildu zitzaizkiola batzuk taberna batean, eta gero, haien baimenik gabe, sakelakoaz grabatu zituztela titi bistan zeuden neskak, eta biharamunean sare sozialetan irudiok zabaldu.


Eta badakizue zer... titietaraino nagoela!!! Eta ez dut uste, ez aurrenengoa, ez azkena naizenik. Nazkatuta nago inork nola jantzi eta ibili behar dugun kritikatzeaz, agintzeaz. Nazkatuta, gure gorputzen gaineko kaleko kontrolaz. Nazkatuta astero, egunero kasik, egunkarian erasoren baten berri izateaz.


Indarkeria sexistarekin amaitzea da gure helburua. Eta bai, autodefentsa feminista sekulako tresna dugu bide horretan, autoestimua gora jasoz ahalduntzen gaituelako; bakarrik sentitzea eragotziz, kolektiboaren ideia indartu eta jendartean iruditegi berri bat margotzen laguntzen duelako, emakume ezindu eta biktimaren aurreiritzia apurtuz. Hori bai, ez dezala inork nahastu, gaitzetsi eta manipulatu gure defenditzeko eskubidea eta betebeharra, kaleko gure ekimena zein diskurtsoa, egungo biolentziaren diskurtso manipulatu eta interesatuarekin.


Gona eta eskoteekin, hitz eta ekintzekin, biluzik nahiz jantzita, egunerokoan indarkeria horri aurre egiten diogun zulo honetatik, nire babes eta elkartasun guztia bidali nahi diot Euskal Herriko mugimendu feministari. Berdin Gasteizko mugimendu feministako kideei, eraso sexistak salatzeko manifa eta ekimen orotan parte hartu duzuen guztioi, eta Azpeitian titi bistan festa egin zenuten guztiei.


Nahi duenak estali dezala aurpegia, nahi duena ipini titi bistan, baina, batez ere, erakutsi diezazkiegun hortzak erasotzaileei!


Erasoen aurkako defentsan, damurik ez despentsan. Gora autodefentsa!

 

Iturria: Berria.eus

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!