Hondarribiako jaiak 2015, prentsa oharra

2015-09-08

2015eko Hondarribiako jaien harira, Bilgune Feministaren prentsa oharra.

Iraila iritsi da, eta berarekin batera udako oporretako azken egunak, txosnetako azken garagardoak, eta hondartza azken orduak heldu zaizkigu askori. Hondarribian, uda amaitzen ari denaren adierazle dira bere jaiak. Hondarribiar guztiak batu eta udari merezi duen agurra egitea izan beharko luke helburu nagusia, elkarrekin herriko festak gozatu eta kurtso berria indartsu hastea. Baina tamalez, ez da hori argazkia. Herri banatu baten irudia da ikusten duguna, herritar guztien gozatzeko eta ongi pasatzeko eskubidea bermatu nahi ez duena.

 

Jaiak bizitzeko eta gozatzeko mila modu daudela badakigu, bakoitzak bere espazioa bilatu eta berau burutzeko eskubidea behar du izan, eta hori da Hondarribian bermatu nahi ez dena. Emakumeoi gure parte hartzea bi espaziotara mugatu nahi zaigu, kantinera edo ikuslea. Hala ere, bada bertan bere tokia topatzen ez duenik, eta txilibitu, danbor edo eskopetarekin ateratzeko duen eskubidea aldarrikatzera atera behar izaten dute. Hor dago koxka, aldarrikatzera atera behar dutela eta ez normaltasunez ongi pasatzera.

 

Badakigu, hala ere Jaizkibelekoek eskubideak aldarrikatzeaz gain ongi baina hobeto dakitela primeran pasatzen. Urtetik urtera erakutsi digute haiek animatzera joan garenoi irribarre zoragarriak eskaintzean, Gipuzkoa plazan egiten duten Zapatero indartsuan salto egitean, edo kale nagusian, plastiko beltzez inguratuta bada ere musika egiten jarraitzen dutenean. Horregatik egon nahi dugu haien alboan aurten ere, jaia gozarazten digutelako, ondo pasatzen dugulako, eta berdintasunaren deiadarra titibiliti ederren soinu pean zabaltzen dutelako. Horregatik ere lortzen dute urtetik urtera geroz eta gazte gehiagok haiekin bat egitea. Jaizkibelen parte hartzeak merezi duela badakigu, ongi pasatzen dutelako, baina aldi berean, berdintasunaren bidean urrats sendoak ematen jarraitzen dutelako. Hondarribiagatik, Irunengatik, Gipuzkoagatik eta parekidetasunean oinarritutako herrialde batengandik, mila esker zuei guztiei! Momentu hau ere baliatu nahi dugu, Gipuzkoako Foru Aldundi berriak hartu duen jarrera gogor salatzeko. Haiek, atzera begira jarri beharko diren batean ohartuko dira, urratsa atzera eman zutela 2015eko Irailean. Gu bitartean aurrera egiten jarraituko dugu, ez dizuegu itxarongo.

 

Jaia berdintasunean gozatu nahi duten Hondarribiar guztiak animatu eta zoriondu nahi ditugu. Festa parekide eta ederrak izan ditzazuela! Zuen egun handian, zortzian ikusiko dugu elkar! Gora Jaizkibel eta Gora festa parekideak!

 


 

 

ETIKETAK

Jaiak

AGENDA