"Asun casasola" VI. ipuin lehiaketa

2019-02-10 . Irun

Nagore Laffagen erailketaren 10 urte bete dira 2018an. Duela 10 urte, 2008an hasi zen bere amaren borroka, eta gaur, oraindik ere, pertsona askoren eredu da. Borroka eta kemen horri aitortza egiten jarraitzeko asmoz, “Asun Casasola Ipuin Lehiaketa”ren edizio berria martxan da, “Nik sinisten zaitut” lelopean, berrikuntza ugarirekin.


Bost urteko bide honetan helduek (16 urtetik gorako pertsonek) idatzitako 700 altxor baino gehiago batu ditugu. Horrez gain, iaz, Gipuzkoako Foru Aldundiari esker, lehiaketa gazteengana hurbildu nahi izan genuen. 12-16 urte arteko gazteengana zehazki, eta haientzako kategoria berezi bat sortu genuen, euskaraz zein gazteleraz, indarkeria matxistaren aurka egiteko tresna eraginkorra izan zitekela sinistuta.


Sinesmen horretan oinarrituta, kategoria zabaldu nahi izan dugu aurtengoan eta beraz, 10 eta 16 urte arteko gazteei parte hartzera dei egiten diegu.


Ipuinek “NIK SINISTEN ZAITUT” izango dute abiapuntua. “Manada”ren kasuak bezalako kasuek bultzatuta, 2018a inflexio puntua izan da indarkeria matxistaren aurkako borrokari dagokionean. Argi geratu zen hori autengo martxoaren 8ko protestetan, jendarteak, nazkatuta, bere egin zuen “nik sinisten zaitut” leloa.

Gure helburua berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea izan da hasieratik. Horregatik, edizio honetan ere, ikuspuntu positibo bat bilatuko dugu, indarkeria matxistaren aurkako borroka islatzen duena. Ipuinak euskaraz edo gazteleraz aurkez daitezke. Parte-hartzaile bakoitzak idazlan bakarra aurkeztu ahal izango du, orrialde batekoa. Ipuinak originala izan behar du, argitaratu gabea eta aurkezten den hizkuntzan idatzitakoa, ez da onartuko itzulpenik.


Sariak
Kategoria bakoitzeko sari bat egongo da, baina edizio honetan hainbat berrikuntza daude. Helduen kategoriako irabazleek (bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere) 300 euroko sariaz gain, 50 euroko balioa duen liburu pakete bat jasoko dute, Irungo Brontë liburudendaren eskutik.

Gazteen kategoriako irabazleek (bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere) 100 euroko saria jasoko dute, eta 50 euroko balioa duen liburu pakete bat, hau ere Brontë liburutegiak eskainita. Liburuek feminismoaren inguruko gaiak jorratuko dituzte eta gure Facebookeko orrian, ASUN CASASOLA IPUINAK-en, aurkezten joango gara datozen hilabetetan.


Epaimahaia
Aurtengo epaimahaia emakumez osatuta egongo da bere osotasunean. Batzuk epaimahaiaren parte izan
dira aurreko ediziotan eta beste batzuk epaile berriak dira, baina guztiek dute literaturarekin edo feminismoarekin nolabaiteko harremana. Helduen kategorian, euskeraz, Yurre Ugarte, Ana Iruretagoiena
eta Idurre Eskisabel izango ditugu. Kategoria berdinean, gazteleraz, Mertxe Tranche, Maialen Lehane eta Marian Benitez. Gazteen kategorian, euskeraz, Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perez izango ditugu, eta gazteleraz, Noelia Lorenzo, Maite Vergara eta Naroa Lopez. Guztien inguruko informazioa aurkitu ahal izango duzue gure webgunean: www.asuncasasolaipuinak.eus


Ipuinak bidaltzeko epeak

Azaroaren 25ean zabalduko dugu lanak aurkezteko epea. Parte hartzaile guztiek 2019ko otsailaren 10era arte izango dute ipuinak aurkezteko. Orduan, epaimahaiaren lana hasiko da eta martxoaren 8ra arte, Emakumearen Nazioarteko Eguna arte izango dute irabazleak aukeratzeko epea. Egun horretan bertan jakinaraziko dugu euren epaia eta sari banaketaren eguna ere iragarriko dugu.


Ipuinak asuncasasolaipuina@gmail.com posta elektronikoko helbidera bidal daitezke, Brontë liburu-dendara (Kale Nagusia 16, Irun) ere bidal daitezke, posta arrunta erabiliz, edo liburu dendara joan eta bertan ere utzi daitezke.


Informazio gehiago
Lehiaketaren oinarriak eta jakin beharreko informazio guztia www.asuncasasolaipuinak.eus webgunean edo lehiaketaren Facebook (AsunCasasolaIpuinak) orrian dago eskuragarri.


Kontaktua
asuncasasolaipuina@gmail.com

ETIKETAK

Elkarbanatu!