Argiztapenak - Ikusentzunezko erakusketa

2018-02-04 Egun eta ordutegi desberdinak Kubo-kutxa (Zurriola,1 - Kursaal) - Donostia

Donostiako Kubo-kutxa aretoak "Paloma Navares. Argiztapenak", Paloma Navares artistari buruzko atzera begirako erakusketa aurkezten du.

Erakusketak multimedia-artistaren lau hamarkadako ibilbidea omendu nahi du.

  • Komisarioa: Rocío de la Villa

Paloma Navaresek (Burgos, 1947) gorputza eta teknologia, egunerokoa eta apartekoa, historiaren memoria eta etorkizuneko ametsa edo amesgaiztoa hibridatzen dituen lengoaia bat garatu du. Bere obra aurkezteko euskarri sorta zabala erabiltzen du -instalazioak, argazkia, bideoa, performancea, eskultura, marrazkia, pintura eta abar-, haiek fabrikazio industrialeko objektu eta materialekin konbinatuta. Emaitza gisa, gero eta objektu desmaterializatuagoak ekoizten ditu, argiaren gardentasuna eta arintasuna xurgatzen dutenak; aitzitik, haren bideo-instalazioek eskulturen irmotasuna dute, eta espazioa menderatzen dute arkitektonikoki.

Navaresen obrak argiztapen eta gardenki gisa ageri dira, materia ukatzen duen hauskortasun batekin. Irudi argitsuak eta ilunantzekoak, etorkizunari buruz ironizatu eta iragana iraultzen dutenak.

Ikuspegiak eraikitzeko helburuz, Paloma Navaresek bitarteko material zeharrargiak aukeratzen ditu, hala egiturak arinduta eta inguruneak kolorearen tenperaturaren eta argi-intentsitatearen edo -gabeziaren arabera antolatuta, bisualitatearen inguruan hausnartzen duen bitartean ikuspegi kultural, psikologiko, sinboliko eta emozionaletatik abiatuta.

Gainera, Rocío de la Villa komisario duen atzera begirako honetan artistaren ibilbidearen bi alderdi nabarmentzen dira: bideoinstalazioaren arloan bete duen aitzindari rola, eta gure herrialdean 90eko hamarkadatik aurrera garatu ziren arte feministan eta genero-ikuspegiko artean betetzen duen lekua. Hamarkada horren hasieran, Navaresek proiekzio handia zuen jada Erdialdeko Europako museo eta zentro ezagunetan, eta Europan eta Europatik kanpo generoari edo feminismoari buruzko erakusketa kolektiboetan parte hartu zuen lehen artista espainiarra izan zen. 1984. urtean lehenengo Bideo Jaialdia sortu eta zuzendu ostean (bideoinstalazioak ere baziren bertan), 90eko hamarkadaren amaieran nazioarteko aintzatespena zuen bideoinstalazioaren arloan Paloma Navaresek. Horretaz gain, bost urtez izan zen magister International Summer Academy of Fine Arts Salzburg bikainean. Bertan, instalazioei buruzko ikastaro trinkoak eman zituen.

Ibilbidea

Navaresen obra hiru ataletan banatuta aurkeztuko dugu, guztira sei gai-nukleo biltzen dituztenak. Aurkezpen edo sarrera gisa, lehenengo atalean bere ibilbide osoko obrak biltzen dituen eskala txikiko lagin bat izango dugu. Areto nagusitik eginiko ibilbide zirkular batean, kulturaren historian irudikatu eta ezkutatu izan diren emakumeei buruzko kritikari eta gogoetari eskainitako serieak izango ditugu hasieran. Amaitzeko, bizitza soilari buruzko oinarri biopolitikodun dimentsio existentzial bat jorratzen duten lanak ikusiko ditugu, gizarteak bazterturikoen "gorputz besteetan" zentratuak.

Informazio gehiago nahi dut

ETIKETAK

Elkarbanatu!